XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gogo-emanean

P. BERRONDO

Donostia'ko kalean, aspaldiko partez, lagun bi gertatu giñan elkar-izketa bizian.

Goierri aldekoa zan bera.

Mendi-zalea.

Makuluaren arrimuan ni, baiña gogo-irudiz beintzat, mendizalea ni ere.

Onela esan zidan:

- Olako gauzatxoak atsegin zaizkizula ba dakit, eta gertaera ttiki bat aipatu nai dizut, ara: mendian gora, goi-gaiñean nenbillen, eta arkaitz burkail batean gurutze ttiki bat antxe; benetako maitasunez jarria zegola antz ematen zitzaion: aintxe unkigarria irudi ttikia.

Bakarrik ninjoan eta, antxe gelditurik, begira jarri nitzaion, ixil-une zoragarri artan; ala, urruti antzetik, erriko dorreko kanpai-otsak asi ziran; eguerdiko kanpaiak.

Nola ez zitzaidan biotza xamurtuko, alako une zoragarri artan?

Mendi-goiko garbiaren garbia; ixil-unearen ixil-mintzoa; kanpai-otsen deia, otoitzerako deia... nola ez zitzaidan-ba biotza xamurtuko?

Bizitzako gazi-gezak, elkar-naasian dabiltzala, zuk ere, irakurle, ikasia izango duzu noski; alaxe nik ere.

Ala, andik gutxira, beste lagun batek onela zesaidan:

- Zer derizkiezu, lagun, gure Telebistako (irrat-irudiko, lioke Don Txomin'ek) ikustaldiei eta itzulpenei?

Eta, bertako itsuskeri nabarmenak aipatu zizkidan, errenkan.

Nik ez nakien zer erantzun ere.

Eta berak jarraian eta bir-esanean, ainalako itsuskeri nabarmenak aipatu zizkidan.

Eta barne-muiñetan miñ arturik, nere gogo emanean jarraitu nuan.

Gure euskera gaixoaren oiñazea, nolako oiñazea ote da!

Gogoan daukat, bein batean, Erriko Etxe bateko sala nagusian, batzar batean; (euskal-sariak ziran gai), nola galde egin nuan neronek:

- Konturatzen al gera, euskerari, besteak beste, nolako kaltea egiten zaion, gordinkeri itsusiak bertan sartu ta erabilliaz?

Gure biotzeko kabia, euskerak gure biotzean daukan kabi goxoa, zapuztu egiten zaio... ez al zaizute ala iruditen?

Eta, erantzunik gabe gelditu zan nere galdera; edo-ta, obeki, mingarri gertatu zan erantzunaren ixilla.

Elkar-inguruko minkatzak nabaituz-edo, nere baitan galdezka asi nintzan: nondik norakoa ote da gure biotzak daraman gazi-geza, eta gure biotz-begiek oi duten itzal-argia, eta gure burubideetako zuzen-okerra eta ez-baia?

Eta... gure Jaunaren Gurutzea gogora neri; eta Don Kijote'ren bizitza (ameslari leialaren jokabidea noski), ainbeste burruka eta... galtzaille guzi-guzietan.

Eta, ala ere, ameslari bere guzizkoan.

Eta gure Jaunaren Gurutzea?

Ba du bai barne-muiñik gurutzearen misterio doatsuak; guregandik oiñazea eta Jaunagandik bizi-poza ta esperantza.

Ontara ezkero, zillegi bekit Pilar de Cuadra olerkariak Kristo Lezo'koari eskeiñitako olerki xamurra (neronek euskeratua):

Itsasoz etorri ziñan
Kristo Lezo'koa
ur-bazterra zanean
ondartza apala
jende xeen areatza babesa.
Gaur, gizonok
itsasoa leortu dugu
lekua kentzeko
millaka duro batuk
an irabazteko
metro-kuadro bakoitzean.
Trabagarri zera Kristo biotz-ona
on-apalezko itsaso ixilla.
Bazter gabeko
maite-olatua, gu garbitzearren obeki
zaiñetako ateak idekirik
leertu ziñan ZU.
Atoz Jauna, berriz
ibil zaite ur-arrearen gaiñean.
Senda iguzu itsumena
anaiagan ezin zaitugu ikusi.
Pekatu-angarilletan
elbarri gaixook
jaso gaitzazu zorpeko azpitik.
Emaiguzu
zuloz urraturiko zure eskua
ta bedi zure zur-abea
salbatuko gaituan
txalupa laguntzaillea!